2024(e)ko apirilaren 8(a), astelehena

Bilduma-fitxategiarekin lanean (menuaren J aukera)

Dakigunez, hau da KromoenProiektua bezero-programa gidatzeko erabiliko den menua eta une honetan J aukerari dagokiona azalduko dugu:

 ============================================================================= 
 |                                  MENUA                                    | 
 ============================================================================= 
 |  A.  Kromo guztien informazioa erakutsi            (MAIATZEKO AZTERKETA)  | 
 |  B.  Falta diren kromoak zerrendatu                (MAIATZEKO AZTERKETA)  |
 |  C.  Kromo bat sartu                               (MAIATZEKO AZTERKETA)  |
 |  D.  Kromo bat trukatu                             (MAIATZEKO AZTERKETA)  |
 |  E.  Jokalari baten informazioa erakutsi           (MAIATZEKO AZTERKETA)  |
 |  F.  Ale kopuruekin fitxategia eguneratu           (MAIATZEKO AZTERKETA)  |
 |---------------------------------------------------------------------------| 
 |  G.  4 toki-arrayak sortu eta ikusi                (UZTAILEKO AZTERKETA)  | 
 |  H.  Taldearen konfigurazioa hautatu               (UZTAILEKO AZTERKETA)  | 
 |  I.  Taldea osatu eta bere puntuazioa kalkulatu    (UZTAILEKO AZTERKETA)  | 
 |---------------------------------------------------------------------------| 
 |  J.  Bilduma-fitxategitik kromo bat kendu eta beste kromo bat txertatu    | 
 |  K.  Lantaldeak proposatutako aukera           (BLOGEKO ADIBIDEAK IKUSI)  | 
 |---------------------------------------------------------------------------| 
 |  L.  Amaitu                                                               | 
 =============================================================================
      Zure aukera:  

J aukeran biltegi-fitxategiarekin lan egingo da kromo bat ezabatuz eta beste kromo bat txertatuz. J aukeran eskatzen dena hobeto ulertzeko J_aukera.exe programa exekutagarria ematen da Windows sistema baterako, non ezabaketa eta txertaketa burutzeko bi bide desberdin jorratzen diren:

  1. Kromoa ezabatzeko, jokalariari dagokion izenaren bilaketa egin ondoren fitxategi laguntzaile bat erabiltzen da
  2. Kromoa txertatzeko, berriz, kromoak izango duen bere posizioa eskatzen da eta array laguntzaile bat erabiltzen da

KROMOAK.DAT datu-fitxategia aukeratu ondoren, hona hemen exekuzioaren azalpena 5 urratsetan eta 5 irudi erabiliz.



  1. urratsa: Kenduko den jokalariaren izena irakurri 

Kenduko den jokalariaren izena teklatuaren bitartez irakurtzen da eta bere bilaketa burutuko da KROMOAK.DAT datu-fitxategian. Baiezkoan, izen horretako jokalaririk baldin badago, kromo hori bildumaren KROMOAK.DAT datu-fitxategitik kenduko da Laguntzailea.DAT fitxategi laguntzaileari esker.




  2. urratsa: Jokalaria kendu 

Zehaztutako jokalaria kentzerakoan KROMOAK.DAT datu-fitxategi osoa prozesatuko da bi zati desberdinduz:

  1. Kenduko den jokalariaren aurreko elementuak Laguntzailea.DAT fitxategian gorde
  2. Kenduko den jokalariaren osteko elementuak Laguntzailea.DAT fitxategian gorde

Ondoren, KROMOAK.DAT datu-fitxategia ezabatu erase(file_aldagaia) prozeduraren bitartez, eta fitxategi laguntzaileari KROMOAK.DAT izena ezarri rename(file_aldagaia, string_aldagaia) prozeduraren bitartez.




  3. urratsa: Jokalaria zein posiziotan txertatuko den irakurri 

Txertatuko den jokalariari zer posizio dagokion KROMOAK.DAT datu-fitxategian irakurri beharra dago. Zenbaki oso bat izango da baina ez edozein zenbaki oso, KROMOAK.DAT datu-fitxategiak dituen elementuen kopuruak baldintzatzen baitu gure datua.




  4. urratsa: Jokalaria txertatu

KROMOAK.DAT datu-fitxategiaren zein posiziotan txertatuko den jokalari berria bere datuak eskatuko ditu programak: izena, taldea eta bere tokia zelaian.

Jokalari berria txertatzerakoan KROMOAK.DAT datu-fitxategi osoa prozesatuko da bi zati desberdinduz eta hiru urrats emanez:

  1. Txertatuko den posizio aurreko elementuak array laguntzaile batera igaro
  2. Array laguntzailearekin jarraituz, elementu berria gorde dagokin posizioan
  3. Txertatuko den posizio osteko elementuak array laguntzailera igaro

Ondoren, KROMOAK.DAT datu-fitxategiaren rewrite(file_aldagaia) egin eta array laguntzailearen informazio guztia KROMOAK.DAT datu-fitxategian idatzi.




  5. urratsa: iZenbakia eremuaren balioak eguneratu 

Txertaketa egin ondoren KROMOAK.DAT datu-fitxategiaren azken elementuen iZenbakia eremuaren balioak desegokiak dira. Hori dela eta, KROMOAK.DAT datu-fitxategi osoa prozesatu beharra dago iZenbakia eremuaren balioak eguneratuz.



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Iruzkinen bat idazteko Google-ko kontu bat behar duzu. Iruzkin guztien moderazio-ardura blogeko administratzaileari dagokio.